|
ARRASATE EUSKALDUN DEZAGUN
NOLA SORTU ZEN AED? (Erakundetze data, 1983ko azaroaren 29a)
1983. urtean, hamar bat lagun Arrasateko euskararen egoeragatik kezkatuta Sozio-linguistikako jardunaldi batzuetara joan eta euskararen egoera ikuspegi global batetik oraindik argiago ikusi zuten. Hau zabaltzeko zenbait hitzaldi antolatzea pentsatu zuten eta bertaratutakoei Batzorde bat eratzeko proposamena luzatu zitzaien Arrasate berreuskalduntzeko. Han bertan sortu zen horrela "Arrasate Euskaldun Dezagun" izenpean behin-behineko Batzordea.
ZEINTZUK IZAN ZIREN HASIERAKO URRATSAK?
Bi maila osagarritan lan egin beharra ikusi zen:
- Herri mobilizazio iraunkorra, gizarte kontzientziazio mailan: Eta honetarakoxe sortu zen AED, elkarte gisa: jendea biltzeko; lan egiteko, mentalizazio eta motibazio-lana batipat; beharrezko neurriak eskatu, exijitu eta presio egiteko; "akuilu" eta elementu kritiko izateko...
-Erakunde mailan: Batez ere Udalarekiko harremanari eman zitzaion lehentasuna eta bi gauza eskatu zitzaion: Euskararen Udal Batzordea eta Euskararen Gabinete Teknikoa sortzea.
Gaur egun Udalarekin elkarlanean jarraitzen du AEDk eta hasiera garaian tira-birak izan baziren ere, euskararen aldeko apustua egin du azken urtetan.
-1989an Arrasateko Udala eta AEDren artean sinatu zen, hainbat ekintza lankidetzaz antolatu eta finantzatzeko HITZARMENA urtero berritu eta indartu da.
-Euskararen erabilpena sustatzeko hitzarmena: AEDn sortutako ideia izan zena, Udalak bere egin zuen eta 38 entitatek sinatu zuten lehenengo aldiz beraien arteko harremanak euskaraz izateko konpromisoa. Gaur egun ia 100 entitate daude hitzarmenean eta hasierako helburuan sakondu gura da entitate bakoitzak aurrera pausuak eman ditzan euskararen erabilpenean.
Udalak ez daukan askatasuna du Elkarte pribatuak; Udalak, berriz, Elkarteak ez dauzkan baliabideak. Bion arteko elkarlanak funtsezkoa izaten jarraitzen du beti ere menpekotasunezko harremanetan erori gabe, eta autonomia osoz funtzionatzen jarraitzen dugu.
AEDren sorrerako beste helburuetako bat Euskal Txokoa sortzea izan zen, garai hartako Erdu-AEKri esker lortu genuen lokala eta nahiz eta hasierako helburua lortu ez, makina bat ekintza antolatzeko erabiltzen dugu gaur egun: ikastaroak, hitzaldiak, mahainguruak, batzarrak, afariak, tailerrak... Bulegoak berriz Udalak utzitako lokalean daude.
ORAIN ARTEKO ESPERIENTZIA ETA AURRERA BEGIRAKO ASMOAK
AED aitzindaria izan da euskara elkarteen artean eta askorentzat erreferentzia garrantzitsua arlo askotan. 40tik gora Euskara Elkarte sortu dira AED jaio zenetik eta beste hainbeste herri aldizkari. Elkarte bakoitzak bere bidea egin du nortasun propioa eginez eta etorkizunera begira gure arteko elkarlana ezinbestekoa izango da, Euskara Elkarteen Topaguneak (euskara elkarteen elkargoak) zer esan handia izango duelarik lan honetan. Debagune Elkartetik (Deba Garaiko euskara elkarteen elkargoa) bailara mailako ekintzak antolatzen badugu urteetako esperientzia, eta nazio mailako ikuspegia landu beharko dugu etorkizunean.
Herrira bueltatuta, gaur egungo erronka nagusia erdaldunekin lan egitearena da eta auzoetan daukagu lanik handiena. Gazte txokoak zabaldu dira auzoetan eta erabilera programak bultzatzen hasiak gara, euskaldun zahar eta euskaldun gaiak proiektu hauetan inplikatuz. Merkataritzan eragiteko egitasmo berriak daude eta lan munduan ereindakoa bultzatzen saiatuko gara.
1983an lanean hasi ginenean, Arrasaten hamarretik batek erabiltzen zuen euskara kalean, orain kopuru hori hirukoiztu egin da. Herrigintzak pertsona izatetik talde izatera lagundu digu. Batzutan asmatu eta hurrengoan huts egin dugu, baina emaitzak hor daude eta bidea egiten tinko jarraituko dugu, herrian euskara nagusitu arte.
|