- Nahiz eta gero eta jende gehiagok euskaren alde egiten duen, Abanton lan asko egiteke dagoela oraindik uste du Sergio Monederok, Axola Euskara Taldeko kideak. Elkarte hori helburu horrekin eratu zuten orain zazpi urte, eta gaur egun 150 bazkidek osatzen dute.
- Urtetik urtera bazkide kopurua handitzen doa, eta ĞAbanton horrelako datuak biltzea garrantzitsua da, herri txikia baitağ, Monederoren ustez.
- Noiz sortu zen Axola Euskara Taldea eta zein helbururekin? Hasteko, esan beharra dago 1987an saiakera bat egin genuela. Gallarta eta Las Carreras auzoetan, AEK-k bultzatuta, saiatu ginen talderen bat sortzen, baina bertan behera geratu zen egitasmoa. Hamarkada bat geroago, 1996an, Abantoko jendea berriro elkartzen hasi zen, oraingo honetan, auzo elkarte batek bultzatuta. Elkarte horrek euskararen gainean lan egitera deitu zuen, eta jendeak erantzun egin zuen. Hortik jaio zen Axola Euskara Taldea. Elkartearen lanaren helburua argi zegoen hasieratik: Abantoko euskararen egoera ahal zen neurrian hobetzea.
- Zein da, bada, euskararen egoera eskualdean? Ez ditugu datu eguneratuak, baina 1996ko datuen arabera, Abantok 8.500 biztanle ditu, eta horietatik %70 erdaldun zaharrak dira, beraz, %30 besterik ez da euskalduna edo ia euskalduna. Azterketa horren arabera ikusi genuen izugarrizko lana zegoela egiteke, eta egon badago gaur egun ere. Horretara bideratuta dago gure lana, hain zuzen ere. Lortu nahi duguna, azken finean, euskararen presentzia leku guztietan bermatzea da; edonon eta edonoiz.
- Azken urteetan euskararen erabileran goranzko aldaketarik nabarmendu al duzue? Ez dakigu zehatz-mehatz zein egoeratan dagoen orain, baina aipatuko nuke zer-nolako apustua egiten duen jendeak D ereduaren alde. Hor bai nabaritu dugu aurrerapausorik egon dela. Jendearen jarrera oso baikorra dela euskararekiko nabari dugu ere bai.
- Zer-nolako ekintzak jorratu dituzue helburu horiek lortzeko? Urtean zehar hainbat ekintza prestatzen ditugu, eta badira batzuk finkoak direnak; olentzeroren egunekoa edota euskal jaiak, esate baterako. Urtean hiru egiten ditugu Abantoko hiru auzo garrantzitsuenetan, hau da, Gallartan, Las Carrerasen eta San Fuentesen. Horrez gain, bertso afariak, ikastaroak, kontzertuak, erakusketak eta D ereduaren aldeko kanpainak antolatzen ditugu, besteak beste. Gainera, "Aurrera" izeneko aldizkaria argitaratu eta herrian zabaltzen dugu. Beste alde batetik, orain dela bi urte, Euskara Batzordea sortu genuen udaletxean, herriko gainerako taldeekin elkarlana indartzeko asmoarekin. Bilerak izaten ditugu, eta euskararen aldeko lanean ildo bateratuak antolatzen ditugu.
- Aurreko astean, zehazki, Las Carreraseko Euskal Jaia ospatu zenuten. Zelan joan zen eguna? Ontzat jo dugu. Jendearen parte-hartzea primerakoa izan zen, eta oso pozik gaude. Prestatutako ekitaldi guztiak egin genituen, eta jendearen parte-hartzea nabarmendu nahi dugu denaren gainetik.
- Hemendik aurrera zein lan egingo duzuen pentsatu al duzue? Egia esan, abendu oro prestatzen dugu urte osoko plangintza, beraz, ordura arte ez dugu erabakiko 2004. urteko egitaraua. Normalean ez dira ezustekorik izaten, eta gutxi gorabehera errepikatu egiten da aurreko urtekoa. Bestalde, datorren astean batzarra daukagu udal gobernu berriarekin lehenago PSE zegoen eta orain EAJ gure asmoak berei jakinarazteko batik bat. -
|