|
Horregatik ahalik eta arinen, Nafarroako gobernua Itoitzen egiten ari denaren kontra azaltzeko, konzentrazio bat egitera gonbidatzen dizuegu.Oraingoz, Bizkaian Bilbon dago deituta
Itoizko solidario eta Artozkitik kanporatutako auzokideen partetik idazten dizuegu. Irati ibaiaren bazterrean dagoen herri eder honetara asteburu honetan eta hurrengo egunetan joateko gonbita luzatzen dizuegu. Dakizuenez, herri hau Itoizko urtegiaren heriotza zigorraren mehatxupean dago. Irailak 15- tik jende multzo bat erresistitzen ari da bere eraispena ekiditeko. Azpimarratzekoa da urtegiak kalteturiko herrietatik Artozki eta Muniain direla zutik mantentzen diren bakarrak , Itoitz,Orbaitz eta Nagoreko zati bat joan den udaberrian gupidagabe bota zituzten eta.
Orain arte lau polizi- sartze izan dira Artozkin eta Nafar gobernuaren helikopteroa noiznahi herriaren gainean ikus daiteke, baina zorionez, hondeamakinak oraindik ez dira ageri eta errepidea zabalik da.
Pasa den asteburuan jai giroa izan zen nagusi herrian, Agoitz eta inguruko herrietako biztanleak erruz agertu zirelarik. Asteburu honetarako deialdia are zabalagoa egin nahi dugu; ekitaldi egitaraua prestatzen ari gara eta Artozkira joateko gonbita luzatzen dizuegu. Erresistentziaren jendeak eta Irailak 15-ean etxeak hustu arren,herrira maiz azaldu eta Solidarioen ekimenak sustengatzen dituzten bertako auzokideek zuen etorrera biziki eskertuko dute. Zuen laguntza eta berotasunaren beharrean daude, Foruzaingoaren jazarpena pairatzen ari direlako eta edozein unetan herriaren hustuketa suertatzen ahal delako. Erresistentziak luze jo dezake Nafar gobernuaren jokabidea zein izanen den antzematerik ez dagoelako. Hori dela eta, erresistentzia berritu behar da txanda eta ordezkapenak eratuz, ahal den denbora luzeen iraun ahal izateko. Erresistentzia txandak egin ditzakeenak edo hobe, etengabe egon daitekeen jendeak gurekin harremanetan jartzeko eskatzen diegu. Gainerakoei asteburuan azaltzeko deia egiten dizuegu. Herrian bertan kanpin denda ezartzeko aukera izanen duzue. Lo zakua,janaria eta edaria ere ekarri behar duzue. Eguraldia oso ona da baina arratsaldeetan freskatzen du. Etxeetan ez dago urik ezta argirik ere, baina iturburu batetik ura ponpatuz eta generadore baten bitartez moldatzen gara. Kanpotik zatoztenentzat ohar bat: Agoitz eta Itoitz herria zena pasatu ondoren, eskuineko bidea hartu behar duzue, Orotz Beteluko norabidean. Errepidea obrengatik moztuta dagoela dioen kartel batekin eginen duzue topo,banan ez egin kasurik,obrak Artozki ondoren direlako. Dena den Artozki seinalatzen duen eskuz egindako kartela ezarri dugu, hanka-sartzeak ekiditeko aldera. Asteburuko egitaraua bidaltzen dizuegu, zuek ahal den gehien zabal dezazuen. Erresistentziaren egunez eguneko albisteen berri hementxe duzue: www.euskalherria.indymedia.org edo gure web-gunean: www.sositoiz.com
|