|
Gure gizartean dagoen kezketako bat balioaren gaia da. Batzuk uste dute gaur egungo gazteek ez dituztela ohiko baloreak: errespetua, elkartasuna, sakrifizio izpiritua..., eta beste batzuk, berriz, uste dute balioek ez dutela garrantzirik eta beraien kezka bakarra dirua edo ondo pasatzea da; berekoiak dira...
Zer gertatu da egungo gizartean?. Ez dago baliorik?. Lehenengo gauza zera da: gure gizartea izugarri aldatu da azken 40 urteetan, eta bigarrena; gizartearen aldaketak balioen eraldatzea sortu du, baina honek ez du esan nahi baliorik ez dagoenik.
Garapen ekonomikoak, aurrerapen teknologikoak eta bizi kalitatea hobetzeak aldatu egin dute balioen eskala. Esan dezakegu GLOBALIZAZIOAK ere izan duela eragina gure gizartearen aldaketan. Globalizazioa, arlo politiko, ekonomiko eta kulturalaren elkarlotzea eta erlazioa da. Mundu osoan eragiten du, baina, batez ere, azpigaratutako herrialdeetan.
Elkarrekiko erlazioak hiru mailatan du eragina.
1. TEKNIKOAN: Komunikazio eta informazio tekniken garapena. Internet, ordenagailuak, robotika, oso ekoizpen teknifikatua, eskulanaren kalterako da. Enpresen kokapena errentagarritasunaren arabera izatea (eskulan merkea). Gizakia dirua ateratzeko makina da. Dirutza handiak finantza merkatuan. (Burtsa).
2. POLITIKA ETA GIZARTEAN: Etorkinen etorrera masiboa. Ingurumena hondatzea: autoak, energia-kontsumoa, energia atomikoa, autobideak, eraikuntzak, baso-erreserben elkortzea, Golfo, Irak, Irango gerrak, hondamendi naturalak eta abar. Demokrazia liberalen funtzionamendu txarrak eta herrialde boteretsuek duten menderatze nahiak honako ondorioak dakartza: terrorismoa, Guantanamo, irailaren 11ko ekintza, martxoaren 11ko ekintza, Londonekoa. Zenbat eta askatasun gutxiago izan, orduan eta segurtasun handiagoa.
3. KULTURAN: Dena berdindu beharra: hizkuntzak, ohiturak, ideologiak. Honek guztiak ideologia eza eta kritikarako ahalmenik ez izatera eramaten du, eta ondorioz Balio eta Ideia krisialdia handia sortzen du.
Globalizazioa berez , ez da ez ona eta ez txarra, erabileraren arabera doa eta erabilera okerrak, gure gizarte plural eta ezberdin honetan gatazka larriak sorrarazten ditu.
Gure gizartean egundoko aldaketak izan ditugu arlo teknologikoan, ekonomikoan (ongizate gizartea), politikoan (diktaduratik demokraziara), erlijioan eta arlo soziokulturalean (Jaungoikoenganako fedea galdu eta buruzaletasun eta norberekoitasun garaian gaude) Aurrean esandakoaren ondorioz balioek aldaketa sakona izan dute.
Gizarte posmoderno aldagaitz honen ondorioa da sinismena galtzea (erlijioa), eta balio soziokulturalen aldaketa. Honek guztiak kezka handiak sortzen ditu gizakiaren, gizartearen eta kulturaren ikuspegia dela eta; horregatik, bai morala, bai balioak zalantzan jartzen dira.
Duela urte batzuk balioak: errespetua, agintzea, obedientzia, konpromisoa, elkartasuna, zuzentasuna eta abar eztabaidaezinak ziren. Egun, ordea beste gauza batzuk dute lehentasuna: norberekoitasunak, aisiak, gorputza zaintzeak, gauza publikoetarako interes faltak; hau da, hedonismoak (plazerak, gozamenak) eta abar. Egoera honetan gure gizartean krisi sentipena sortzen da, zerbait gaizki doala ematen du. Etorkizunerako zein irtenbide planteatu behar da?. Irtenbidea zaila da, baina, nire ustez HEZIKETA da oso garrantzitsua. Familiaren, eskolaren, eta komunitatearen bidez hezi eta balioak transmititu. Umeak hezteko denon parte hartzea beharrezkoa da.
Balioek gizakien banakako zein taldeko jokabidea bideratu eta zuzendu egin behar dute, elkar bizitza eta giza kohesioa lortu dadin.
Balioen oinarria ESKUBIDEETAN eta EGINBEHARRETAN dago (betebeharrak). Eskubide eta eginbeharren dualtasuna da, hain zuzen ere, gure gizartean elkarbizitzaren eta giza kohesioaren oinarria.
"Gutxieneko etika" eta "gutxieneko arauak"beharrezkoak dira.Eskubideetan eta betebeharretan oinarrituta izan beharko lukete eta elkarrizketaren bitartez lortuak, berdintasunezko eta bidezko gizartea izan dadin.
Balioetan hezteak lehentasuna izan behar du pertsonaren hezibide osoa lortu ahal izateko, izan ere, heziketa ez da informatzea soilik, oinarri-oinarrizkoa da hezibidea jasotzea.
Nork hezi behar du?. Familia da lehena, baina ezin dira ahaztu eskola eta gizartea bera ere. Nahiz eta gizartearen eginbeharra ere baden, heziketa, ez familiak, ez eskolak ezin du utzi gizartearen esku soilik. Hauek dira heziketaren ardatz nagusiak; kanpoko faktoreak kontuan izan behar badira ere. Ume eta gazteen heziketa prozesuaren ardura, batez ere, gurasoek daukate, baina irakasleek ere bai.
Bai familia giroan, bai eskolan elkarbizitza egon dadin, portaera eta funtzionamendu arauak beharrezkoak dira. Arau hauek elkarrizketan eta errespetuan oinarrituta egon behar dute. Arauak betetzen ez badira zigorra egon behar du. Ezin da ahaztu, dena onartzea heziketa onaren etsai handia dela. Gogoan izan, heziketa prozesuan gurasoak eta irakasleak direla eredu; beraz hauen jokaerek eta ekintzek bat etorri behar dute irizpide honekin.
Agintea (ez inposatzea, agintzen duenaren lorpen gisa baizik) eta diziplina talde bateko elkarbizitzaren oinarrizko balioak dira. Horregatik transmititu behar zaizkie ume eta gazteei, elkarrekin bizitzeko beharrezkoak dira-eta.
Heziketa prozesuan elkartearen betekizuna, oso garrantzitsua da. Bereziki komunikabideak aipatu nahi ditut: Telebista, Internet, irratiak, egunkariak, aldizkariak, eskuko telefonoak... Kontuan izan behar dugu herritar askorentzat irratia, egunkariak eta, batez ere, telebista dela informazio iturri garrantzitsuena.
Lehenago esandakoa kontuan izanez gero, KOMUNIKABIDEEK, batez ere, PUBLIKOEK objektiboak izan beharko lukete; informazioa eta formazioa eman, egiaren alde egon, balioak transmititu, gizartearen zerbitzuan egon, elkarbizitzaren alde eta denon onerako izan beharko lukete.
Egoera honetan, heziketa, hezigarria izan dadin, garrantzitsua da ELKARBIZITZARAKO GUTXIENEKO ARAUETAN oinarritutakoa izatea. Arau hauek eskubide eta eginbeharretan daude oinarrituta.
Eskubideak asko dira, eta era ezberdinean sailkatuta eman daitezke. Nik, azaltzen ari naizen gaiarekin lotuta, egokia iruditzen zaidan sailkapena emango dut. Gizabanakoen eskubideak: bizitza, askatasuna, errespetua, zoriontasuna, lana, etxebizitza... eta, talde eskubideak:herrien eskubideak –etorkizuna aukeratu, autodeterminazioa- , askatasuna, zuzentasuna, demokrazia, berdintasuna, bakea, tolerantzia, ekologia... Nire ustez, eskubide guztien artean hiru dira oinarrizkoenak lehentasunen arabera:
1. Bizitzeko eskubidea
2. Askatasun eskubidea
3. Zoriontasun eskubidea
Eskubideak, gizakiak berezkoak ditu, pertsona den aldetik bereak dira. Eginbeharrak, berriz, arauak dira; gizarteak, eskolak zein familiak ezarritako betebeharrak, eta elkar bizitza eta gizarte kohesioa egon daitezen bete egin behar dira. Betebeharrik gabe ez dago eskubiderik. Elkarren beharra dute. Bat falta bada ez dago ez elkar bizitzarik, ez giza kohesiorik. Gizartea, kaos edota diktadura bihur daiteke.
Garbi dago eta eztabaidaezina da elkarbizitzarako gutxieneko arauak behar direla. Inor ez da bestea baino gehiago izango, eta kontuan izan beharko da, gainera, gizartea kultura eta ideologia mailetan askotarikoa dela.
Hemen azaldutakoak, zentzua dauka elkarrizketaren bidez lortzen bada. Hitz honek magia kutsua dauka, arazo guztiak konpondu behar dituela ematen du, baina ez da horrela izaten.
ELKARRIZKETA hitzak esan nahi du bestearen iritzia edo jarrera ulertzeko prest egotea. Elkarbizitzaren onerako, amore ematen jakitea. Azken finean, KOMUNIKATZEA da; ateak zabal daitezen, gatazkak konpontzeko, bestearen iritziak ulertu ahal izateko. Gatazkak konpondu eta gainditu ahal izateko EGIA bilatzen saiatu Elkarrizketari uko egiten badiogu, jarrera honek, gehienetan, intolerantzia eta indarkeria sorrarazten ditu.
Azalpen labur honetan, egungo gizartean dagoen balioen krisiaren gaineko hausnarketa txiki bat egiten saiatu naiz. Garbi geratzen da heziketa hezitzaile prozesuan familiak, eskolak, eta gizarteak duten garrantzia, eta elkarrizketan oinarritutako gutxieneko arauak behar direla. Honek guztiak lagundu egingo luke ideologi eta kultura mailan hain plurala den gizartea libreagoa, zuzenagoa eta berdintasunezkoa izaten.
Jose Luis Lasa Galparsoro.
|