|
Gure gizartean premia handienetakoa duen talde bat emakume alargunak, adinekoak eta bakarrik bizi direnek osatzen dute. Talde honen bizi-kalitatea hobetzeko asmoarekin sortutako Gizarte-bilguneak abenduaren 14an egindako biltzarrean plataforma osatzen duten talde guztien ordezkariek hartu zuten parte: Gizarte Zentroak, Nagusilan, Goierri eta Urola-Garaiko Caritas, Ordiziako Kimetz, Beasaingo Asmube, Lazkaoko Azti, Itsasondoko emakume taldea, Tolosako Ebel, Urretxu-Zumarragako Mairi, Legazpiko Iratzarri eta Zumarragako Eraldatzen emakume taldeak. Honetaz gain Gueske (esperientzia eskolako ikasle ohiak) ere han izan zen. Gueske izan zen, hain zuzen ere, ekimen honen bultzatzaile, 2002-2003ko ikasturte amaierako proiekturako aukeratu zuten gaia hauxe izan zen-eta.
Proiektu hau aurrera eramateko asmoa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuak eman zuen informazioa ezagutu ondoren sortu zen. Orduan ere ohartarazi zuten: " Bakarrik bizi diren adineko pertsonak –gehienak emakumeak- arrisku-talde barruan daude, eta jarraipen eta arreta berezia behar dituzte".
Gizarte-bilgune honek, egoera honetan dauden pertsonen pentsioak hobetzeko helburua hartu zuen, kontuan izanda, bizitzaren azken urteetan gizarte aberats eta arrakastatsu baten barruan, merezi ez duten baldintza desegokietan bizi direla. Ahaldun Nagusiaren beraren hitzetan: "Gipuzkoak, errenta gordinaren kopurua estatuan baino % 24 altuagoa du eta Europan baino %11 handiagoa".
Eskatzen duguna ez da, inola ere, Foru Aldundiak bere gain hartu ezina. Eskatzen dugun gauza bakarra zera da: talde honek jasotzen duen gutxieneko pentsioa 2007ko LGS-rekin (Lanbidearteko Gutxieneko Soldata) parekatzea. Gutxieneko lansaria gaur egun 571 eurokoa da.
Lehen eskaera 2004 urtean aurkeztu zen Foru Aldundian, harrez geroztik beste bost ere bidali dira. Eskaera hauetan, kostuak, arrazoiak eta egoera honetan bizi direnen zenbait testigantza ere helarazi dizkiegu. Honetaz gain Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideak, Gaztedia, eta Gizarteratze saileko zuzendaria den Mª Carmen Martin anderearekin beste bost bilera ere egin ditugu.
Gizarte bilguneko ordezkariak, etsita daude, desilusio handiarekin. Beren eskaerek ez dute erantzunik izan. Mª Carmen Martin anderearekin egindako aurreko bileretan, itxaropentsu izateko arrazoiak izan zituzten, hurrengo bileran eskaerek erantzun bat jasoko zutela uste baitzuten. Abenduaren 5eko azken bileran, ordea, zerbait lortzeko itxaropena zeharo galdu zuten.
Batzar honetara bertaratutako guztiok aurrera jarraitzeko asmoa daukagu. Egun, talde hau osatzen dutenek bere lanarekin eta familiarenganako ardurarekin lortu zuten herri honen garapenean laguntzea, eta ez dugu etsiko eskatzen duguna lortu arte. Aho batez onartu zen, berriro ere, Ahaldun Nagusiari beste agiri bat bidaltzea.
Idazkian, eskatu diogu alde batetik, emandako erantzuna berriz aztertzea eta eskaera onartzeko konpromisoa hartzea eta bestetik, azken idazkietan eskatu diogun bezala, gure gutunen erantzunak idatziz egitea. Honetaz gain beste puntu bat ere aipatu diogu: gai honekin hasi ginenetik denbora asko pasa da, baina erantzun egokirik ez daukagu. Erantzunik jaso ezean, gure hurrengo pausoa zera izango da: Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratze publikoa egitea urtarrilaren 23an, goizeko 11.00etan. Elkarretaratze honetan parte har dezaten Gipuzkoako beste elkarte batzuei, alderdi politikoei zein sindikatuei ere luzatuko diegu deia.
|