|
ESTATUTUAK
LEHENENGO KAPITULUA
IZENA
1. artikulua.- Getxoko Zubiletako ikastetxe publikoko Ikasleen Gurasoen Elkartea (“Zubiletakoak”) 1980ko martxoaren 27an inskribatu zen Erregistroan 1.258 zenbakiarekin. Bere Estatutuak legearen arabera aldatuta daude, eta aintzat hartzen dute martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa –elkartzeko eskubidea arautzen duen Legea-- eta otsailaren 12ko 3/1988 Legea –Elkarteei buruzkoa Legea; Eusko Legebiltzarrak onartuta--; eta bat egiten dute Euskadiko Autonomia Estatutuaren 9. eta 10.3 artikuluekin.
Aipatutako elkarteak honako araubidea izango du: Elkarteen Legea, estatutu hauek berak (Legearen aurkakoak ez badira), bere gobernu‑organoek behar bezala hartutako erabakiak (Legearen edota estatutuen aurkakoak ez badira) eta Eusko Jaurlaritzak xedatzen dituen arauak (azken hauek osagarri besterik ez dira izango).
ELKARTEAREN HELBURUAK
2. artikulua.- Elkartearen helburuak honako hauek dira:
- Gurasoak orientatu, suspertu eta laguntzea seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntzaren inguruko gaietan.
- Ikastetxearen hezkuntza-jardueretan lankidetza eskaintzea.
- Ikasleen gurasoek ikastetxearen kudeaketan parte har dezaten sustatzea.
- Gurasoentzat eta ikasleentzat onuragarri diren prestakuntza-jarduera osagarriak antolatzea; besteak beste, euskal hizkuntza eta kultura sustatzekoak eta, indarreko arauak errespetatuz, haien gain hartu nahi dituzten guztiak, Estatutuetan hala ezarrita baldin badago.
- Guraso eta irakasleen ahaleginak bultzatu, zuzendu eta bateratzea ondoko arlo hauek xedetzat hartuta: seme‑alaben heziketa integrala, umeen ekubideen defentsa, eta beren beharkizunak betearaztea, denok ondo-ondo baitakigu zein beharrezkoa den batera jardutea eginkizun orientatzaile eta hezitzailea eraginkorragoa izan dadin.
Helburu horiek lortzeko, betiere ezarritako legezko baldintzak bete ondoren, ekintza hauek eramango dira aurrera:
- Ikasleen garapen osoa erdiesteko beharrezkotzat jotzen diren eskolaz kanpoko ekintzak bultzatzea.
- Gurasoak eta ikasleak gizarte‑eremuan hobeto prestatuta eta egokituta egoteko, hitzaldiak, ikastaroak eta bidezkotzat jotzen diren jarduera guztiak antolatzea.
- Hezkuntza‑sistemaren eraginkortasuna handiagoa izan dadin, gurasoen ekimenak eta proposamenak bideratzea, betiere ikastetxearekin etengabeko komunikazioari eutsiz.
- Beste elkarte edo instituzioekin harremanak izatea, harreman horien helburua dela hainbat informazio elkarri trukatzea hezkuntza‑esperientziei eta ekintzak egiteari buruz. Ildo horretan, bidezkoa izango da egoki iritzitako laguntza ematea elkarri.
- Aldian‑aldian, egindako ekintzen eta proiektuen berri ematea elkarteko kideei; halaber, informazioa emango zaie elkartearen helburuak betetzen laguntzen duen beste edozein zerbitzu eta ekintzari buruz.
- Ikasleen heziketaren garapena hobetzen duten materialak eta baliabideak erosten laguntzea.
Aurreko idatz-zatian azaldutako jarduerak gorabehera, Elkarteak, bere xedeak betetzeko, honako hauek egin ahalko ditu:
- Bere helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak biltzeko, era guztietako jarduera ekonomikoak gauzatzea.
- Era guztietako ondasunak eskuratu eta eduki, eta mota guztietako egintzak eta hitzarmenak egitea.
- Legeekin eta elkartearen estatutuekin bat datorren edozein ekintza burutzea.
ELKARTEAREN EGOITZA
3. artikulua.- Elkartearen helbide nagusia Getxoko Izaro kalea z/g da. Elkarteak, horretaz gain, beste egoitzarik eduki dezake Autonomia Erkidegoan, Batzar Orokor Bereziak horrela erabakiz gero. Elkartearen egoitza nagusia edo elkartearen beste egoitzaren bat tokiz aldatzeko erabakia Zuzendaritza Batzordeak hartuko du, eta horrek helbide berria jakinaraziko dio Elkarteen Erregistroari.
LURRALDE EREMUA
4. artikulua.- Elkartearen ekintzak, nagusiki, Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko dira; hala ere, harremanak izan ditzake beste lurralde‑eremu batzuetako elkarteekin.
IRAUPENA ETA DEMOKRAZIA-ARAUA
5. artikulua.- IGE Zubileta izeneko elkartea izaera iraunkorrez eratzen da. Elkartea desegiteko, ezinbestekoa izango da Batzar Orokor Bereziak dagokion erabakia hartzea –hala ezartzen baita VI. kapituluan— edo legeetan jasotako arrazoiren bat izatea.
Elkartearen funtzionamendua eta barne-antolamendua demokratikoak izan beharko dira.
BIGARREN KAPITULUA
GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK
6. artikulua.- Kide anitzeko honako organo hauek izango dira elkartearen gobernu eta administrazioaren arduradunak:
- Bazkideen Batzar Orokorra, organo goren gisa.
- Zuzendaritza Batzordea, kide anitzeko zuzendaritza-organo iraunkor gisa.
BATZAR OROKORRA
7. artikulua.- Bazkide guztiek osatzen dute Batzar Orokorra, eta bere bidez adieraziko dira bazkideen nahiak. Batzar Orokorrak ohiko bilerak eta bilera bereziak egingo ditu.
8. artikulua.- Batzar Orokorraren ohiko bilera egiteko deia gutxienez urtean behin egin beharko da ikasturteko lehenengo hiruhilekoan. Ohiko bileretan, besteak beste, elkartearen jarduerako plan orokorra onartu beharko da, bai eta urteko kontuak (sarrerak eta gastuak) eta hurrengo urteko aurrekontua ere. Halaber, Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartu beharko da; izan ere, batzorde horrek Batzar Orokorraren jarraibide eta kontrolpean jardun beharko du beti.
9. artikulua.- Aurreko artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, honako hauek ere Batzar Orokorraren eskumenak badira:
1) Estatutuak aldatzea, ondorengo artikuluarekin bat.
2) Zuzendaritza Batzordeko kideak hautatzea.
3) Elkartea desegitea, hala badagokio.
4) Beste elkarte batzuekin batera federazioak eta konfederazioak osatzea, edota horietako batzuk uztea.
5) Ohorezko bazkideak onartzea.
6) Zuzendaritza Batzordeari berariaz esleitu ez zaizkion eginkizun guztiak.
10. artikulua.- Batzar Orokorra Zuzendaritza Batzordeak erabakitakoan bilduko da bilkura berezian, bere kabuz edota bazkideen %10ak eskatuta. Bilkura eskatzeko arrazoiak eta helburuak azaldu beharko dituzte. Dena den, honako gaiak aztertzeko eta erabakitzeko, bilera egin beharko da:
a) Estatutuak aldatzea.
b) Elkartea desegitea.
11. artikulua.- Ohiko Batzar Orokor zein Batzar Orokor Berezietarako deialdiak idatziz egin behar dira. Deialdi‑agirian, bilerak egingo diren tokia, eguna eta ordua adierazi beharko dira, bai eta gai-zerrenda ere. Deialdia egiten denetik lehenengo deialdiko batzarra egiteko jarritako egunera bitartean gutxienez bost egun izan beharko dira. Halaber, nahi bada, bigarren deialdiaren data eta ordua ere adieraz daitezke; dena dela, deialdi batetik bestera gutxienez hamabost minutuko tartea utzi behar da.
Dagokion iragarkian bigarren deialdirako eguna zehaztu ez bada, bilera egin baino bi egun lehenago egin beharko da deialdia.
12. artikulua.- Batzar Orokorrak, ohikoak nahiz bereziak, lehenengo deialdian balio osoz eratzeko, beharrezkoa izango da bertaratuen edo ordezkatuen kopuruaren erdia baino bat gehiago izatea bertan; eta bigarren deialdian, berriz, edozein kopuru nahikoa izango da balio osoz eratzeko.
Bazkideek beste edozein bazkideren gain utzi dezakete beraien ordezkotza Batzar Orokorretan parte hartzeko. Ordezkotza hori idatziz egin beharko da, eta Batzarreko idazkariari eman bilera baino ordu erdi lehenago. Elkartearen egoitza dagoen herrian bizi ez diren bazkideek postaz bidal dezakete beren ordezkotza beste baten esku uzteko agiria.
13. artikulua.- Batzar Orokorren akordioak botoen gehiengoz hartuko dira, bai lehenengo deialdian bai bigarrenean.
Hala ere, gehiengo osoa beharko da ondoko gai hauen inguruan erabakiak hartzeko:
- Estatutuak aldatzea
- Elkartea desegitea
ZUZENDARITZA BATZORDEA
14. artikulua.- Hona hemen Zuzendaritza Batzordea osatzen duten kideak:
- Presidentea
- Presidenteordea
- Idazkaria
- Diruzaina
- Batzordekideak, gutxienez bi eta gehienez hamabi. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun zehatzak eman ahal izango dizkie batzordekideei.
Ikasturtean zehar, gutxienez hilabetean behin bildu beharko dute, eta elkartearen ekintzak bideratzeko beharrezkoa den guztietan.
15. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideren bat, pisuzko arrazoirik gabe, bilera horietara hiru aldiz jarraian, edo, aldizka, bost aldiz ez bada joaten, dagokion kargua utzi egin beharko du.
16. artikulua.- Batzar Orokorrak hautatuko ditu Zuzendaritza Batzordeko kargudunak, eta lau urterako izango dira Batzordeak berariaz ezeztatu ezean, eta behin eta berriro hautatu ahal izango dira.
Kargu horiek ez dira denak batera aldatuko. Lehenengo txandan, kideen %50a, eta bigarrenean, gainerakoa.
17. artikulua.- Zuzendaritzako batzordekide izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Estatutuetan esaten den eran izendatua izatea.
b) Elkarteko bazkide izatea.
c) Adinduna edo adin txikiko emantzipatua izatea, eta eskubide zibil guztien jabe izatea.
18. artikulua.- Zuzendaritzako batzordekide izateko, lehenengo, Batzar Orokorrak izendatu behar du, eta ondoren, kargudunak izendapena onartu edo karguaz jabetu behar du.
Kargudunek ez dute ordainsaririk jasoko; dena den, Batzar Orokorrak egun-sariak eta gastuak ordaintzea erabaki dezake.
19. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeko kideek honako kasu hauetan utziko dituzte karguak:
a) Agintealdia bukatzen denean.
b) Dimititzen dutenean.
c) Bazkide izateari uzten diotenean, edo kargurako ezintasun-arrazoiak dituztenean.
d) Batzar Orokorrak karguak aldatzea erabakiz gero, estatutu hauetako 16. artikuluan jarritakoaren arabera.
e) Heriotza.
“a)” puntuan agertzen dena baldin bada kargua uzteko arrazoia, Zuzendaritza Batzordeko kideek jarduneko egoeran jarraitu beharko dute lehenengo Batzar Orokorra egin arte. Batzar horrek aukeratuko ditu kargudun berriak.
b), c), d) eta e) puntuetan agertzen dena baldin bada arrazoia, Zuzendaritza Batzordeak berak hutsik gelditutako kargua betetzeko norbait behin-behingoz izendatuko du eta Batzar Orokorrak erabakiko du izendapena onartu ala ezestea. Ezesten bada, dagokion izendapena egingo da.
Batzorde honen osaeran gertatutako aldaketa guztien berri emango zaio Elkarteen Erregistroari.
20. artikulua.- Honako hauek dira Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:
a) Elkartearen ohiko kudeaketaz arduratzea, Batzar Orokorraren jarraibideen arabera eta haren kontrolpean.
b) Elkarteak aurrera eramango dituen ekintzen egitaraua egitea.
c) Gastu eta sarreren urteko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera-orria Batzar Orokorrari, onar ditzan, aurkeztea.
d) Batzar Orokorraren bileretako aztergai-zerrenda egitea, eta Batzar Orokor berezi zein ohikoen deialdiak erabakitzea.
e) Bazkideek egiten dituzten proposamen eta iradokizunei erantzutea eta dagozkien neurriak hartzea.
f) Behar diren baliabideak jarriko dira bileren gai‑zerrendak eta aktak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita egon daitezen.
g) Batzar Orokorrar berariaz esleitu ez zaion beste edozein eskumen.
21. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeak, presidenteak eta, hala badagokio, presidenteordeak erabakitako bakoitzean egingo ditu bilerak, euren kabuz proposatuta nahiz batzordekideren batek eskatuta. Bileraren buru presidentea izango da, edo, bertan ez balego, presidenteordea. Biak falta badira, berriz, batzordekide zaharrena.
Batzordeak hartutako erabakiak baliozkoak izateko, biltzen diren batzordekideen gehiengoak onartu beharko ditu. Horretarako, gutxienez batzordekideen kopuruaren erdiak egon beharko du batzarrean.
Idazkariak bilera-aktak egingo ditu, eta dagokien liburuan jasoko ditu idatziz.
PERTSONA BAKARREKO ORGANOAK.
PRESIDENTEA
22. artikulua.- Presidenteak elkartearen legezko ordezkaritza hartzen du, eta Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak aurrera eramango ditu. Era berean, aipaturiko bi organo horien presidente izango da.
23. artikulua.- Zuzendaritza Batzordeari edo Batzar Orokorrari berariaz gorde ez zaizkion ahalmenak Presidenteari egokituko zaizkio, eta batez ere ondoko hauek:
a) Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak egiten dituzten bileren deiak egitea; bilerak bukatutzat ematea; bileretan sortzen diren eztabaidak zuzentzea; eta boto-berdinketa gertatuz gero, boto ebazleaz erabakitzea.
b) Elkartearen ekintzen egitasmoa Zuzendaritza Batzordeari proposatzea, eta aldi berean, elkartearen zereginak bultzatu eta zuzentzea.
c) Balioz erabakitako ordainketak egiteko agintzea.
d) Sortu daitezkeen premiazko arazoak konpontzea, eta Zuzendaritza Batzordeari lehenengo bilkuran horien berri ematea.
PRESIDENTEORDEA
24. artikulua.- Presidenteordeak presidenteari lagunduko dio, eta, presidenteak aldi baterako ezintasuna daukanean, ordezkatu egingo du. Era berean, presidenteak berariaz ordezkotzan emandako ahalmen guztiak izango ditu.
IDAZKARIA
25. artikulua.- Idazkariari dagokio, zehazki, elkartean sartzeko eskabideak hartu eta bideratzea, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua zaintzea, eta Akta Liburuaren zaintzaren eta idazketaren ardura izatea.
Era berean, elkarteen arloan indarrean dauden legezko erabakiak bete daitezen arduratuko da, Erakundearen agiri ofizialak zainduz, elkarteko liburuen eta agirien edukia egiaztatuz eta Zuzendaritza Batzordearen hautaketari eta elkartearen egoitza aldatzeari buruzko beharrezko jakinarazpenak dagozkion agintaritzara bideratuz.
DIRUZAINA
26. artikulua.- Egindako sarrera eta ordainketen berri emango du diruzainak, eta diru-sarrera eta gastuen urteroko aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera ere jakinaraziko du. Horiek guztiak Zuzendaritza Batzordean aurkeztu behar dira, eta honek Batzar Orokorrari, onartu ditzan.
HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARTEKO BAZKIDEAK: ONARTZEKO BIDEAK ETA MAILAK
27. artikulua.- Ikastetxean matrikulatutako ikasleen gurasoak, tutoreak edo legezko ordezkariak izan daitezke Elkarteko bazkide:
28. artikulua.- Bazkide izateko, ezinbestekoa izango da bazkide‑kuota ordaintzea, betiere Batzar Orokorrak finkatzen duen modu eta zenbatekoan.
29. artikulua.- Batzar Orokorraren erabakiz, elkarteak ohorezko bazkide izendatu ahal izango ditu ikasle ohien gurasoak nahiz edozein pertsona, baldin eta Zuzendaritza Batzordearen ustez, bakarka zein taldeka eskaintzen duten lankidetza dela eta merezi badute. Gutxienez, elkarteko hogei kidek proposatu beharko dituzte, eta horiek onartzeko, Batzar Orokorrean botoen gehiengoa lortu beharko dute. Batzarretara bertaratzeko eskubidea izango dute, baina hitzik eta botorik gabe.
BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
30. artikulua.- Elkartekide guztiek honako eskubide hauek dituzte:
1) Elkarteei buruzko Legearen edo estatutuen kontrako erabaki eta jarduteak inpugnatzea, betiere aurkatutako erabakiaren edukia ezagutu edo ezagutzeko aukera izan den egunetik hasi eta egutegiko 40 eguneko epean.
2) Elkarteko beste bazkideak zein diren ezagutzea, zein egoeratan dauden diru-sarrerak eta gastu-kontuak, eta elkartearen ekintzen garapenaren berri uneoro jakitea.
3) Batzar orokorretan hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea erabiltzea, eta eskubide hori beste bazkideren baten esku utzi ahal izatea.
4) Elkarteko estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea (ohorezko bazkideek ez)
5) Indarrean diren legeetan zehaztutako bazkide-zerrendan agertzea, eta elkartearen ikurra, baldin badu behintzat, erabiltzea.
6) Estatutuen eta, egonez gero, barne-araudiaren ale bana edukitzea, eta zuzendaritza‑organoei eskakizunak eta kexak aurkeztea.
7) Elkartearen talde-ekintzetan parte hartzea, eta bazkide guztien esku dauden gauzak erabiltzea (liburutegiak, elkartearen egoitza, eta abar), betiere Zuzendaritza Batzordeak, kasuan kasu, erabakitako moduan.
8) Elkarteak bere jarduna ezagutarazteko erabiltzen dituen baliabideak erabiltzea, betiere elkartearen helburuekin bat badatoz.
9) Zigortze-neurriak hartu baino lehen, bazkideak idatziz adierazitakoa kontuan hartzea eta neurri horiek hartzea eragin duten arrazoiei buruz azalpenak jasotzea. Neurriok hartzeko arrazoiak bazkideei dagozkien betebeharrak ez betetzean oinarritu daitezke soilik.
31. artikulua.- Bazkideen betebeharrak honako hauek dira:
a) Elkartearen helburuak gauzatzeko lankidetza aktiboa ematea.
b) Batzar Orokorrak ezarritako bazkide-sariak ordaintzea, gastuei aurre egiteko.
c) Estatutu hauek eta elkartearen zuzendaritza-organoek balioz hartutako erabakiak bete eta horiei men egitea.
d) Elkartearen izen ona eta ospea sustatzea. Nolanahi ere, debekatuta dago elkartearen izena edo irudia behar ez bezala edo baimenik gabe erabiltzea.
ZIGOR-ARAUAK
32. artikulua.- Estatutuak edo Batzar Orokorrak nahiz Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak behin eta berriz hausteagatik, Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ahal izango ditu.
Zigorrok tarte bat izango dute, alegia, hamabost egunetik hilabetera bitartean eskubideak kentzearekin hasi edo elkartetik betirako egozteraino, betiere 34. artikulutik eta 37.a bitartekoetan jasotakoaren arabera.
Ondorio horietarako, presidenteak zigorgarri izan daitezkeen jokabideak aztertzeko ikerketa egiteko erabakia hartu ahal izango du. Ikerketa horiek Idazkaritzak eramango ditu aurrera, eta Zuzendaritza Batzordeari neurri egokiak hartzeko proposatuko dio. Zigorra ezartzeko ahalmena Zuzendaritza Batzordeak izango du, eta zigorra ezarri aurretik kontuan hartu beharko da interesatuak adierazitakoa.
Erabaki horren arrazoiak emango dira beti, eta haren aurkako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Batzar Orokorrari, 30.1 artikuluan zehaztutako ekintzen kalterik gabe.
BAZKIDETZA GALTZEA
33. artikulua.- Bazkidetza honako kasu hauetan galduko da:
1) Heriotza.
2) Bazkideak nahita aldentzea.
3) Zuzendaritza Batzordeak erabakitako zigorra dela eta, honako kasu hauetan: Estatutuotatik eratorritako betebeharrak eta Batzar Orokorrak eta Zuzendaritza Batzordeak balioz hartutako erabakietan ezarritako betebeharrak nahita eta larriki haustea behin eta berriro.
34. artikulua.- Bazkideren bat aurreko artikuluan aipatutako kasuan sartuta baldin badago, presidenteak agindu diezaioke idazkariari, gertaeren berri izatearren, aurretiazko eginbide batzuk egin ditzan. Eginbide horiek ikusita, presidenteak ekintza bertan behera uztea edota zigor-espedienteari hasiera ematea erabaki dezake —32. artikuluan zehaztutako kasuetako edozeinetan—, edo elkartetik kanpo uztea.
Azken kasu horretan, idazkariak, egintzak egiaztatu ondoren, idatzi bat bidaliko dio interesatuari, leporatzen zaizkion salaketen berri emateko. Salaketa horiei erantzuteko, bere aldeko arrazoiak azaldu ahal izango ditu hamabost eguneko epean. Epe hori amaituta, edonola ere, Zuzendaritza Batzordeko lehenengo bilkurara eramango da kasua, eta bertan hartuko da erabaki egokia. Horretarako, batzarkideen erdiak baino bat gehiagoko quoruma behar izango da.
35. artikulua.- Elkartetik kanporatzeko erabakia interesatuari jakinaraziko zaio eta, adieraziko zaio eskubidea duela hurrengo Batzar Orokor Berezian errekurtsoa aurkezteko. Batzar horretarako deirik ez bada egiten hiru hilabeteren barruan, errekurtso hori nahikoa izango da batzarra egiteko. Bien bitartean, Zuzendaritza Batzordeak doakionari bazkide‑eskubideak kentzea erabaki ahal izango du, eta Zuzendaritza Batzordeko kide bada, kargu hori utzarazi beharko dio.
Kanporatzeko espedientea Batzar Orokorrari aurkeztuz gero, idazkariak espedientearen laburpena egingo du, Zuzendaritza Batzordeak interesatuak aurkeztutako idatziaren eta egintzen berri zehatza Batzar Orokorrari eman ahal izateko, azken horrek dagokion erabakia har dezan.
36. artikulua.- Kanporatze-erabakia –betiere arrazoiak emanda—, interesatuari jakinaraziko zaio, eta horrek, eskubideaz baliatuz, auzitegietara jo ahal izango du; bere ustez, erabakia legearen edo estatutuen aurkakoa dela jotzen badu.
37. artikulua.- Bazkideren bati kanporaketaren berri ematerakoan –berak nahi izanda edo zigorra ezarri zaiolako— bete gabe dituen betebeharrak betetzeko eskatuko zaio, hala badagokio.
LAUGARREN KAPITULUA
SORTZE-ONDAREA ETA AURREKONTU-ARAUAK
38. artikulua.- Elkarteak ez du sortze-ondarerik.
39. artikulua.- Elkarteak, bere ekintzak aurrera eramateko, honako diru-baliabide hauek aurreikusten ditu:
a) Batzar Orokorrak ezarritako sarrera-kuotak.
b) Batzar Orokorrak erabakitako aldizkako kuotak.
c) Elkarteak dauzkan ondasun eta eskubideetatik ateratzen dituen ekoizpenak. Baita legez jaso ditzakeen diru-laguntzak, ondareak eta dohaintzak ere.
d) Estatutuen helburuak kontuan harturik, Zuzendaritza Batzordeak erabakitako ekintza bidezkoek (ekitaldiek, ikuskizunek, zozketek...) dakartzaten irabaziak, betiere estatutu hauetan jasotako helburuen esparruan.
Elkarteak lortutako baliabideak elkartearen beraren helburuetarako baino ezin izango dira erabili, eta inola ere ezin izango dira banatu bazkideen artean, ez eta irabazi‑asmoa duten pertsona fisiko zein juridikoei doako lagapenik egin ere.
Elkartearen bazkun eta ekonomia ekitaldia urtekoa izango da, eta urtero itxiko da, ekainaren 30ean itxi ere.
BOSGARREN KAPITULUA
ESTATUTUEN ALDAKETA
40. artikulua.- Estatutuen aldaketa Zuzendaritza Batzordearen ekimenez egin ahal izango da, edo bazkideen %10ak eskatuta Batzordeak halako akordioa hartzen badu. Dena den, Zuzendaritza Batzordeak hiru bazkidek osatutako batzorde-txostengile bat izendatuko du, aldaketa-egitasmoa idazteko. Egitasmo hori Zuzendaritza Batzordeak ezarritako jarraibideen arabera egingo da, eta Batzordeak berak jarriko du egitasmoa amaitzeko epea.
41. artikulua.- Aldaketa-egitasmoa epe barruan idatzi eta gero, presidenteak hurrengo Zuzendaritza Batzordearen aztergai-zerrendan sartuko du. Batzorde horrek egitasmoa onartu, edo, bestela, lantaldeari itzuliko dio, atzera ere aztertzeko.
Egitasmoa onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak hurrengo Batzar Orokor Bereziaren aztergai-zerrendan sartzea erabakiko du, edo horretarako propio egingo du Batzar Orokorrerako deia.
42. artikulua.- Batzarrerako deiarekin batera, estatutuen aldaketen testua bidaliko da, bazkideek egoki iruditzen zaizkien zuzenketak Idazkaritzan aurkeztu ahal izateko. Zuzenketa-proposamenen hori Batzar Orokorrari emango zaio, betiere batzarra egin baino zortzi egun lehenago Idazkaritzan jaso badira.
Zuzenketak banaka nahiz taldeka egin daitezke. Idatziz egin beharko dira, eta beste testu-aukera bat izan beharko dute.
SEIGARREN KAPITULUA
ELKARTEA DESEGITEA ETA ELKARTE-ONDAREAREN ZERTARAKOA
43. artikulua.- Honako kasu hauetan elkartea desegingo da:
1) Bazkideek nahi dutelako. Nahi hori horretarako bildutako Batzar Orokorrean azaldu beharko da, eta bertan daudenen gehiengoaren botoak jaso beharko ditu.
2) Kode Zibileko 39. kapituluan azaltzen diren arrazoiengatik.
3) Epai judizial bidez.
44. artikulua.- Elkartea deseginez gero, erabakia hartu duen Batzar Orokorrak Kitapen Batzordea izendatuko du. Batzorde hori Zuzendaritzako hiru batzordekidek osatuko dute eta dagoen diruaz arduratuko da.
Elkarteak bazkideekiko eta besterekiko zorrak ordaindu ondoren, geratzen den elkarte-ondarea, geratzen bada behintzat, ikastetxeari emango zaio, eta hori ere deusezten bada, gure elkartearen antzeko helburuak dituen irabazi‑asmorik gabeko erakunde bati.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Zuzendaritza Batzordeari dagokio Estatutu hauetan jasotako aginduak interpretatzea eta litezkeen hutsuneak betetzea. Horretarako, beti, aintzat hartu beharko du elkarteen arloan indarrean dagoen legeria, eta egiten den hurrengo lehenengo Batzar Orokorrean horren berri eman beharko du, onar dadin.
Bigarrena.- Estatutu hauek aldatzeko, ezinbestekoa da Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Orokorrak balio osoz hartutako akordio bidez egitea, betiere bakoitzaren eskumenen esparruan eta bosgarren kapituluan aurreikusitakoarekin bat.
Hirugarrena.- Batzar Orokorrak Barne Erregimeneko Araudia onartu ahal izango du, Estatutu hauen garapen gisa, baina horrek ez du aldatuko, inola ere, estatutuotan jasotako aginduak.
|